lunes, 28 de diciembre de 2015

Hutsuneak bete (klaseko lana)

ALKASOROKO BENTA1. M. TABERNA

Oraindik ez du argitu, baina buruz daki non finkatu behar duen oina, eta kontent heldu da bidexkan barna, saltoka. Esku batekin zakoteari kontzen dio, barrenean ekarki duena ez galtzeko. Bakarrik da, gaueko lana egin ondoren lagun bakoitzak bere aldera jo duelako. Alemanak mugatik joan zirenetik aisexeago dabiltza. Bidean pixka bat entretenitu da. Hiru amuarrain ttiki ebatsi dizkio, bat-banaka, Larun aldetik heldu den erreka jostariari. Bi hosto zabaletan bildu ditu, zintzilik duen poltsan sartu baino lehen. Kilika egin diote bizkarrean, handik eskapatzeko eginahalak egiten, aireak ito dituen arte. Martinbaitako neskatxa gazteari erregalua egin nahi dio, azkeneko aldian bezala. Harritxo bat botako dio leihora, problemarik ez dutela izan adierazteko, eta askaren ondoan utziko dio oparia.
Herriko lehenbiziko etxeetara iritsi da. Zutoin luzeen muturrean, argi pizar bat ematen duten bonbilla ahulak itzaltzeko desiotan daude, eguna lo emateko. Zazpiak laurden guti jo dute elizako ezkilek, berak nahi duen bezala. Fabrikako langileak orain hasiko dira agertzen. Kuartel paretik pasatzean ez dira harrituko jendea ikusita.
Jamoteneko atean xakur bat auriaka ari da negarrez. Haren ondoan bulto ilun bat ikusi du bankuaren gainean. Gorputz bat da, harri gainean etzanda. Ez da mugitzen. Aurpegia ukitu dio eta ikaratu da, hormaturik baitago. Antzualdeko meategian aritzen den Juan Pedro da. Astindu bat eman, eta gizona marmarka hasi da. Berriz ere zirikatu du, eta noizbait ere begiak ireki ditu, kostata. «Zer ari haiz hemen? Erituko haiz! Hoa etxera lo egitera!».
Gizona dardarka dago eta motel egiten du solas. Andretako nahi lukeen neskarekin zita zuen bart, ilunabarrean, baina ez zitzaion agertu. Hark ez zuen usteko hau etorriko zela. Orain jakinen du Juan Pedrok ez ziola burla egin nahi. «Benga, hoaie etxera!» erran dio berriz, eta gizon engainatua goiti aldera abiatu da ttaka-ttaka sekula hutsik egiten ez dion lagun iletsuarekin.
Joxemarik aitzinera segitu du. Lepo aldean hotza sumatu eta txaketaren lepoa goratu du. Langile batzuek bizikleta gainean aurreratu dute. «Aiooo, lesakarra!», erran dio batek. Inork ez dio galdetuko zertan dabilen tenore horretan.

ALKASOROKO BENTA2. M. TABERNA

            Ni jaio nintzen egunean oso lasai zegoen. Batere kezkarik gabe, Urrabiaren bazterrean barna paseoan, patxada ederrean, bertze hainbertzetan bezala. Urak tiratzen zuen. Urte haietan, uda partean jenralean, bazkalondoan, jendea siestan zegoen  bitartean, denda-ostatuan jenderik ez eta sukaldeko lanak eginik, noiznahi sartzen zen putzura, gona eskuarekin goiti altxatu eta hankak belaunetaraino bustitzera, eta ez zen harritzekoa beti norbait begira izatea pendoitzaren gainetik, gizon begiluze zenbait. Aita haserretzen egiten zen amaren gogorazio horrekin, kolerak hartzen zuen, <<Ze zabiltza hor, dena agerian! Ez duzu ikusten jende guzia marmarika ari dela!>>.
            Bada, egun hartan ere halatsu ibilki zen. Sartua ez, baina erreka inguruan, tripa handia garraio. Eskuak gerriaren atzeko partean lotuak, hortz artean txotx bat, eta lurrera begira, etxeko oilo eroak han barna errundako arrautzarik ikusiko ote zuen. Makal baten kontra jarri zen, erdi etzinda, eta jarrera hartan lokartu zen. Eta orduantxe ate joka hasi ni! Preziso kanpora behar nuela segituan! Sokatiran hasi ginen, nor baino nor. Ni indarka eta bera ere bai. Emakume gaixoa ezin mugituz, aiaika, eskuekin tripari kontzen, eusten, eta ni bultza eta  bultza!
            Gure aitak nire bi anaiei kontatu zien izokin batek ekarri ninduela bizkar gainean itsasotik. Nahiago hala izan balitz! Egia bertzelakoa zen. Alfredo arrantzainak lagundu zion amari erditzen. Hura beti gure etxe inguruan ibiltzen baitzen. <<Sugegorri hori hor izaki!>>, gure aitaren amorrua. Baina hari eskerrak omen nago ni mundu honetan. Lehenengoak aski ez, handik aitzinera makina bat txikito hartu zituen etxearen kontura.
            Ordea, jendeak ez zion estimu handirik guarda jaunari. Nerabe izan edo adineko, inor ez zen gizon hartaz anitz fidatzen. Txikikeria batengatik edozeini isuna paratu edo lizentzia kentzeko gauza zen. Baina ez zen hori bakarrik. <<Horrek espia izateko balio dik!>>, erraten zuen Isidorok, gutxien espero zen tokian han izaten zelako. <<Espia! Ez fia horrekin!>> aditu nion behin Kasinoko Eugeniori, hortzak estutuz. Izanez ere, haienera ez zen sartzen, hango etxekoandre Inesek salatu zuenetik.


No hay comentarios:

Publicar un comentario